Miren Mendia Aranguren
Tambora sumendiko eztandaren 200. urteurrena.
Azken bolada honetan gure Lurra, badirudi arreta eske ari zaigula sumendien erupzioekin eta lurrikarekin. Gertakari bi hauek dira, Lurraren barneko aldean sortzen diren fenomenoak. Guk ikusi eta senti ditzakegunak gertakari horien ondorioak dira.

1. irudia: Tambora sumendia. Indonesiako Sumbawa uhartean dago, 2.722 metroko altuera du eta bere azken erupzioa 1967. urtean izan zen. (Argazkia: Wikipedia).
Gaurkoan sumendiei buruz arituko gara. Gogoan ditugu Islandiako Bárðarbunga eta Eyjafjallajökull. Agertu den azkena Txileko Calbuco izan da. Ia zuzenean ikusi ahal izan dugu bere gailurreko ahotik gasak eta errautsak irteten, eta hodei grisaxkara handi bat sortzen (zutabe eruptibo izena ematen diogu indarrez gorantza doan multzo horri). Erupzio baten magnitudea jakiteko hainbat dira kontutan hartzeko datuak: kanporatzen duen materialen bolumena, material honen tamaina. Material hauek behin lurrera erorita neur daitezke.