Mikel López-Horgue
Zenbait zinema-ekoizpeni esker, oso ezaguna dugu egun gure planetaren historiaren zati bat. Hain zuzen ere orain dela 201 eta 145 milioi urte (ma) bitartekoa: Jurasiko Periodoa. Honek hedapen mediatiko izugarria izan du azken urteotan eta denok atseginez ikusgai izan ditugun dinosauroak buruan gordeak dira betiko.
Geologoa naiz eta eskertu egiten dut aipatutako hedapen honek eragin duen Lurraren ezagutzarako bultzakada hau. Baina gure planetak badauka 4500 ma-ko historia liluragarria eta Geologiak, horixe eskaini nahi digu beste zientzien laguntzarekin. Bertatik, Kretazeo Periodoa (145-66 ma) dut orain buruan… Zergatik?
Gure arbasoengandik hartutako lurraldearekiko loturaren ondorio diren gure bailarak eta haranak aspaldian baititugu gure sentitzen. Hauen jatorrizko osagaia bereziki itsasoan eratutako arroka sedimentarioak dira eta hain zuzen ere, Kretazeokoak dira gaur egun hedapen handiena dutenak… Gehien ukitzen ditugunak!
Geologiaren ikuspuntutik, Eusko Kantauriar lurraldea deritzogu, Euskal Herria eta ondoko zenbait herrialde (Kantabria, Burgos,…) barne hartzen dituen eremuari. Lurralde hau, Pirinioen mendikateak sorrera izan zuen sedimentu eta arroken tolestura prozesu berean sortu zen; hain zuzen ere Mendebaldeko Pirinioak izenarekin ere ezagutzen dugu.
Triasiko (orain dela 200 ma inguru) eta Paleogeno (35 ma inguru) Periodoen artean gure lurraldearen antzak ez zuen gaurkoarekin inongo zerikusirik: sedimentazio kontinentala eta itsastarra zituen eremu zabal honek eta Asturiasko Mazizoa zuen mendebaldeko muga, Demanda Mendizerra hegoaldekoan eta Bortziri-Aldude Mazizoa ekialdekoan. Sedimentazio-lurralde historiko hau Eusko Kantauriar Arroa izendatzen dugu geologook. Pentsa dezakegu aipatu ditugun lehorreko guneetatik bideratzen ziren ibaiez elikatzen zela itsaso hau.

1. irudia: Eusko Kantauriar Lurraldeko irudia, orain dela 100 milioi urte inguru (Albiar Aroan). Irudia airetik hartu izan balitz bezala aurkezten da, hego-ekialdera begira hain zuzen ere. Euskal Herriko mapa geologikoetako irudi moldatua (Ilustrazioa: EVE. Ente Vasco de la Energia / Energiaren Euskal Erakundea)