Edulkoratzaileak loditzeko osagaiak ote?

Asier Fullaondo

Obesitatea da lehen munduko gizartearen osasun arazo larrienetako bat. Arazo horri aurre egiteko, aspaldian industria kimikoak aukera bat aurkitu zuen: kaloriak gabeko gozogarriak (KGG). Kontzeptualki ideia bikaina da, molekula kimiko batzuk, kaloriarik gehitu gabe elikagaiei gozotasuna ematen dutenak. Beraz, gozogarri horiek azukrearen ordezkoa izan daitezke eta zaporea eta ohiturak aldatu gabe, kaloria kopuru urriago bat jasoko luke gure gorputzak. Gure artean “sakarina” da KGG ezagunena, baina badaude bestelako batzuk hala nola aspartanoa,…

1. irudia: Sakarina, sulfimida bentzoikoa (C7H7O3NS) da. Kristal zuri gisa agertzen da eta oso gozoa da. Gaur egun, janariei gozotasuna emateko erabiltzen da, azukrearen ordez.

1. irudia: Sakarina, sulfimida bentzoikoa (C7H7O3NS) da. Kristal zuri gisa agertzen da eta oso gozoa da. Gaur egun, janariei gozotasuna emateko erabiltzen da, azukrearen ordez.

Sakarina moduko gozogarriak gure gizartean oso zabalduak daude, modu isolatuan har ditzakegu, sobreetan kafe bat hartzen dugunean edota gehigarri modura, “light” ezizena duten jaki eta edari askotan. Light motako jakiak gero eta gehiago dira, eta prozesaturiko hainbat eta hainbat jakitan gozogarriak aurki ditzakegu gehigarrien artean.

Dieta egiten duten gizakien, artean edo dieta egiten ez duten batzuetan, oso zabaldua dago ohitura bezala, kaloria gabeko gozogarri hauek hartzea, beraien ustez, hartu egiten ez diren kaloriak loditzen ez duten kaloriak direlako. KGGen (kaloriarik gabeko gozogarriak) erabilerak bere helburua beteko balu, gizartean obesitate mailak behera egin duela egiaztatu beharko litzateke edo gutxienez, nolabaiteko erlazioa aurkitu beharko litzateke gozogarrien erabileraren eta pisu-galeraren artean. Baina horrelakorik ez da ikusten; KGG kantitate izugarriak kontsumitzen dira urtero mundu mailan, baina obesitate maila ez da jaisten, eta are gehiago, KGGen erabilera hasi zenetik, gizartean handitu da bai obesitate gaixotasuna eta bai 2. motako diabetearen intzidentzia ere.

Beraz, ez dago argi gozogarri hauek pisu-galeran laguntzen duten, edota eragin kaltegarria bat duten, adibidez, 2. motako diabetesaren sorreran edo glukosarekiko intolerantzia duten gizakien kopurua gehikuntzan.

Orain hilabete batzuk, gai honi ekin zion Nature aldizkarian argitaratutako artikulu batek, kaloria gabeko konposatu batek obesitatea eta sindrome metabolikoa direlako gaixotasunen sorreran eragina eduki dezakeen galderari erantzuna bilatuz. Baina gozogarri batek, kaloriarik ez badu, eta azukrea ordezkatzen badu, nola eragin dezake obesitatea, diabetesa eta abar?

 2. irudia: Sakarina bezalako konposatuak edulkoratzaile indartsuak dira baina ikerketa batzuen ondorioen arabera, eraginak sortarazi ditzake hesteetako mikrobiotan. (Argazkia: Tobik/Shutterstock)


2. irudia: Sakarina bezalako konposatuak edulkoratzaile indartsuak dira baina ikerketa batzuen ondorioen arabera, eraginak sortarazi ditzake hesteetako mikrobiotan. (Argazkia: Tobik/Shutterstock)

Hori ulertzeko, ondo ulertu behar dugu jakiek gure gorputzean egiten duten ibilbidea. Guk zerbait jaten dugunean, urdailean digeritzen dugu eta ondoren, hesteetara heltzen da. Bertan digestioaren ondorioz sortutako molekula sinpleak xurgatzen ditugu. Prozesua orain arte azaldutakoa baino pixka bat konplexuagoa da, hesteetan mikroorganismo ugari ditugulako. Izan ere, giza gorputzeko zelulen kopurua baino ehun aldiz handiagoa da gorputzaren barruko bakterio kopurua. Eta bakterio horiek bere funtzioa dute, bakterio horiek gure metabolismoaren parte dira, beraiek guk jaten ditugun jakiak digeritzen laguntzen digutelako besteak beste. Hesteetako mikroorganismoak ere, guk jaten ditugun jakiak digeritzen dituzte eta prozesu horren ondorioz sortzen dituzten metabolitoak, gure gorputzak xurgatzen ditu.

Hesteetan dugun mikroorganismo komunitatea, hesteetako mikrobiota, gure organo bat dela onar dezakegu, bera gure digestio prozesuaren parte garrantzitsu bat delako. Denok pairatu dugu, noizbait, hesteetako arazoren bat eta jakin badakigu zenbat arazo sortzen dituen: ahulezia, egonezina,…, eta badakigu era berean, hesteetako arazoak izan ondoren, jogurt eta antzeko elikagaiak hartu behar ditugula, gure hesteak berriro ere orekan jartzeko. Mikrobiotaren orekak, funtsezko garrantzia du gure osasunean. Oreka diot, hau da bakterio eta mikroorganismoen komunitatearen oreka, oreka horrek ahalbidetzen duelako gure digestioak onak izatea. Zer gertatzen da beraz oreka hori apurtzen denean? Eta nola apurtu daiteke oreka? Zertan datza oreka?

Oreka apurtzen denean, txarto sentitzen gara, edo gure gorputzak jaso beharko lituzkeen elikagaiak ez ditu jasotzen edo proportzio desegokian jasotzen ditu. Eta oreka apurtu egiten dela esaten dugu, gure hesteetako mikrobiotaren espezie-konposizioa aldatu egiten denean.

Nature aldizkariko ikertzaileek mikrobiotaren oreka-apurketaren eta KGGen arteko erlazioa frogatu nahi izan zuten, hau da, KGGak gure mikrobiota aldatzen dutela eta aldaketa horiek obesitate eta sindrome metabolikoarekin harremanetan daudela. Ikerketa hau egiteko, saguak erabili zituzten eta behin mikrobiotaren oreka-aldaketaren hipotesia saguetan frogatuta, gizakira aldatzeko aukeraz pentsatzen hasi ziren.

edulkoratzaileak-4-640x213

3. irudia: Egunean gomendagarria den 5 mg kilogramoko ura eta sakarina dosiak zazpi egunetan hartu zuten saguek glukosarekiko intolerantzia garatu zuten. Ura eta azukrea hartu zutenek berriz, ez zuten intolerantziarik garatu. (Argazkia: http://sweetmatterphysicist.com).

KGG mota desberdinak daude, baina sakarina hautatu zuten ikerketarako, bera delako erabilienetakoa eta halaber saguetan eragin handiena zuela ikusi zutelako ere. Lehenik eta behin, saguak hiru taldetan banatu zituzten eta talde bakoitzari honelakoak eman zizkioten edari gisa: ura soilik, ura eta azukrea edo ura eta sakarina. 11 aste beranduago, saguek erakutsi zuten glukosarekiko tolerantzia neurtu zuten. Glukosarekiko intolerantzia garatu zuten sagu bakarrak, sakarinadun ura hartzen zuten saguak ziren.

Gizakiari egunean emateko gomendatzen den dosi berbera erabili zen sagu horietan: 5 mg kilogramoko. Sakarina efektuaren eragilea zela baieztatzeko, saguei ez zitzaien merkatuko sakarina eman, produktu horrek beste osagai batzuk ere badituelako. Sakarina purua eman zitzaien, eta emaitza berberak lortu zituzten

Beraz, datu horiek argi erakusten dute sakarinaren erabilerak desorekak eta glukosarekiko intolerantzia sortzen dituela gure metabolismoan. Intolerantzia horren arrazoia aurkitzeko, sakarina hartzen zuten saguen hesteetako mikrobiota aztertu zuten. Mikrobiotaren azterketan, begiratu zuten sakarinak aldaketarik eragiten ote zuen hesteetako mikroorganismoen espezie-konposizioan.

Esperimentu hauek egiteko hesteetako mikrobioten transplanteak egin zituzten eta frogatu zuten glukosaren metabolismoren intolerantzia hesteetako mikrobiotak sortua zela.

4. irudia: Hesteetako mikrobioak egoera kontrolatuan hazi zituzten sakarina eta sakarinarik gabe eta saguei transferitu zitzaizkien. Sakarinadun mikrobiota zuten saguek odolean glukosa maila altuak eman zuten analisietan (glukosaren intolerantziaren adierazleetariko bat). (Argazkia: http://swetmatterphysicist.com).

4. irudia: Hesteetako mikrobioak egoera kontrolatuan hazi zituzten sakarina eta sakarinarik gabe eta saguei transferitu zitzaizkien. Sakarinadun mikrobiota zuten saguek odolean glukosa maila altuak eman zuten analisietan (glukosaren intolerantziaren adierazleetariko bat). (Argazkia: http://swetmatterphysicist.com).

Mikrobiotaren aldaketaren garrantzia zehazteko, analisi genomiko baten bidez mikrobiotaren espezie konposizioa finkatu zuten, horretarako 16S erribosomaren genea sekuentziatuz. Azterketa horrek, espezi-ordezkatzea nabarmena gertatzen zela ikusi zuten: espezi batzuk desagertu egiten ziren eta beste espezie batzuen proportzioak gora egiten zuen nabarmen.

Ondoren azterketa genomikoekin jarraituz, agertu ziren espezie berrien eragina finkatzeko, beraien genomak sekuentziatu ziren eta espezie berri horiek zituzten geneen azterketa egin zuten, eta egiaztatu zuten sakarinadun dieta zuten saguen hesteetako bakterioek, oso kantitate handian zituztela glikanoen degradazioan parte hartzen duten entzimak.

Halaber, ikus izuten glikanoek, forma askotako hartzidurak jasan ditzaketela eta hartzidura horietako batek kate laburreko lipidoak sortzen dituela. Lipido horiek saguen hesteetan xurgatzen dira eta xurgatutako metabolito horiek, lipidoen sintesia nabarmen areagotzen dute saguaren gorputzean. Beraz, lehengo aldiz egiaztatu zen harreman zuzena dagoela KGGen eta obesitatearen sorreraren artean. KGGen erabilerak, saguen hesteetan, lipidoen sorreraren metabolismoa handitu dezaketen konposatuak sortzen direla frogatu zuten.

Baina, gizakian gauza bera gertatzen ote da?

Ikertzaileek ikusi zuten KGGen erabilera eta hainbat sindrome metabolikok korrelazio positiboa agertzen zutela, hots, bataren eta bestearen gehikuntzak aldi berean gertatzen direla. Baina jakina da korrelazioak ez direla halabeharrez efektu harreman baten seinale. Azkenean, 7 boluntario aukeratu zituzten eta, saguen antzera, 5 mg/kg sakarina kantitatea hartu zuten egunero bere dieta normalean. Esperimentua hasi eta 7 egunera glukosarekiko intolerantzia garatzen hasi ziren. Era berean, saguen antzera, hesteetako mikrobiotaren aldaketa nabarmenak ere gertatu ziren.

Datu hauek guztiek, KGGen erabileraren inguruko hausnarketa batera eraman behar gaituzte. Egia da esperimentuak gizaki kopuru txiki batean egin direla baina emaitzak arreta deitzeko modukoak dira.

Erreferentzia bibliografikoa:

Jotham Suez, Tal Korem et al., Artificial sweeteners induce glucose intolerance by altering the gut microbiota. Nature 514 (2014): 181-186. doi:10.1038/nature13793

-oOo-

Asier Fullaondo (Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia Saila, ZTF-FCT) Edulkoratzaileak loditzeko osagaiak ote? artikulua Zientzia Kaiera blogean argitaratu zen 2015eko apirilaren 14ean.

Eskerrak eman nahi dizkiogu Kultura Zientifikoko Katedrari artikulua ZTFNews-en argitaratzeko baimena emateagatik.

0 Respuestas to “Edulkoratzaileak loditzeko osagaiak ote?”



  1. Deja un comentario

Deja un comentario

Este sitio utiliza Akismet para reducir el spam. Conoce cómo se procesan los datos de tus comentarios.




UPV/EHU
ZTF-FCT

Q2006 A2016

facebook facebook

Premio a la Mejor Entrada de marzo del Carnaval de Física 2014: El lago elgygytgyn (por Marta Macho)
Premio Mejor Post en la VII Edición del Carnaval de Humanidades..Gracias a Marta Macho
Premio a la Mejor Entrada de la Edición 4.1231 del Carnaval de Matemáticas.

Egutegia | Calendario

May 2016
L M X J V S D
 1
2345678
9101112131415
16171819202122
23242526272829
3031  

Artxiboak | Archivo

Estatistika | Estadística

  • 6.120.793 sarrerak | visitas

RSS Noticias UPV/EHU

  • Se ha producido un error; es probable que la fuente esté fuera de servicio. Vuelve a intentarlo más tarde.

RSS UPV/EHU Albisteak

  • Se ha producido un error; es probable que la fuente esté fuera de servicio. Vuelve a intentarlo más tarde.

RSS Eventos UPV/EHU

  • Se ha producido un error; es probable que la fuente esté fuera de servicio. Vuelve a intentarlo más tarde.

RSS UPV/EHU Ekitaldiak

  • Se ha producido un error; es probable que la fuente esté fuera de servicio. Vuelve a intentarlo más tarde.
Follow on WordPress.com